HAUSNARKETAK

cinema paradiso 1988

ZINEMA

Gaur egun inork gutxik ukatzen dio zinemari bere nortasun artistikoa, baina askotan behe mailakoa bailitzan tratatua izan da. “Zazpigarren artea” deritzogu, ez garrantziaren araberako mailaketan zazpigarren tokia hartu behar duelako, baizik eta arte arlo bezala erlatiboki berria delako. Edo nik behintzat, horixe ulertu nahi dut.

Hala eta guztiz, gainontzeko arte arloekin alderatuta, zinemak izaera nahiko ezberdina duela esanago nuke, arrazoi ugari dela medio.

Alde batetik, zinema arte konposatua dela esan genezake. Hau da, zinemak irudia, mugimendua eta hotsa (musika barne) erabiltzen ditu batera. Honenbestez; adibidez, musika berez artea izanik ere, soinu banda izaera harturik, zinemaren zatia ere badela esan daiteke.

Bestalde, noizbait neure buruari galdetu diot ea ze iraupena duen margo lan batek, edo eskultura batek ikusle batentzat: Segundo batzuk?, edo bizitza osoa? Honekin esan nahi dut, gainontzeko arte motak irupena dutela, eta ez naiz denboraren higaduraz ari, baizik eta hartzaileari zenbat denbora irauten dion delako arte lanak (lehenengo aldia; izan ere, beti errepikatzeko aukera egon daiteke). Har dezagun esaterako musika arloa, edo literatura bera: Kanta batek minutu batzuk iraun ohi du, pelikula batek bi ordu inguru eta liburu batek, iraupen finkorik eduki ez arren, egunak iraun ohi ditu. Hau txorakeria iruditu daiteke, hau da, arte mota bat iraupenaren arabera sailkatzearena, baina nire ustez, garrantzi handia du. Izan ere, iraupen luzeak hartzaileari denbora gehiago eskatzen dio. Era berean, arte lan mota batzuek, denbora ez ezik arreta gehiago ere eskatzen digute: Gidatzen dudan bitartean musika entzun dezaket, gidariak pelikula bat ikustea ordea ez omen da batere komenigarria, zer esanik ez irakurtzea (zorioneko errepideetan denetarik ikusiak bagara ere). Ildo beretik, liburu batek, kanta batek baino aurretiko jarrera ezberdina eskatuko digu, pazientzia gehiago alegia. Film batek berriz bi adibide hauen tartekoa edo eskatuko digu.

Tamalez, badirudi gaur egungo gizarte honetan pazientzia eskasia dagoela. Azkar bizitzera ohitu omen gara, dena berehalakoan nahi dugu, eta gero eta gauza gutxiei eskaini nahi diegu “gure denbora”. Azken honi esker, telebista delako gailu  bat ugaldu eta garaile atera da: telebistako lehiaketak, “tele-txutxumutxuak”, eta oro har, zaborra itxura duten saioak, ikusi ohi ditugu. Tarteko iragarkiak ere irensten ditugu. Iragarkiek, esaterako, laburrak izaten dira, segundo batzuen arreta baino ez digute eskatzen, eta askenean nahi ala ez, errepikapenaren errepikapenaz, memoriaz ikasarazten dizkigute. Gero eta pelikula gutxiago ematen dituzte telebistan, ez omen dute ikusle nahikorik. Ez zait harritzen ordea, telebistan film bat ikustea tortura izan baitaiteke, tarteko iragarkiak jasan behar baitituzu, eta azkenean zer ikusten ari zinen ere ahantz dezakezu. Honenbestez, telebista egileentzat audientzia lehenengoa dela dirudi, aitzitik, kalitatea gutxienekoa. Telebistaren leloa beraz, “edonola ere erakarri” izan liteke. Gaur egungo telebista katuentzat edo txakurrentzat egina dirudi; izan ere, katuak eta txakurrak ere, ezer ulertu ez arren liluratuta gelditzen dira telebistaren aurrean.

Telebista erakargarria dela ez dago dudarik. Esan bezala zinemak denbora gehiago eskatzen digu, baina eman ere eman diezaguke. Nire ustez, formatu honek abantaila ugari ditu, telebistarekin alderatuta. Zinemak: edozein gaitan sakontzeko, pertsonaien aurkezpen egokia egiteko, istorioak borobiltzeko eta (telesaioetan ez bezala) gertakariei koherentzia emateko eta amaiera duina izateko aukera ematen duelako. Honetaz gain, milaka sentsazio eta sentimendu sorrarazteko ahalmena izan dezake, hain zuzen ere, honetan datza zinemaren dohainik politena.

Baina zinema ere, lehen  aipatu dugun inpazientzia honen biktima izan da. Film berri askoetan, argumentu, bilbe eta gidoi kaskarrak ezkutatzen ohi dituzte, efektu-berezi ugarien eta zentzurik gabeko “akzioa” erabiliz. Ikusleok lokartuta egongo bagina bezala tratatzen gaituzte hauexetan, eta esnarazteko, erritmo bizi-bizi, izugarri hori ezartzea baino beste baliabiderik existituko ez balitz bezala jokatzen dute. Dena dela,  argi dago mota honetako filmek arrakasta dutela, saltzen direla alegia. Badirudi, pertsona batzuek, zinemaren arloan ere, bizitzan duten jarrera erakusten dutela. Hau da, hasierako begiradan zail edo konplikatuak ematen dituzten gauza guztiak saihesteko joera dutela; aukerarik eman gabe, gauza berriei, galderei, edo pentsatzeari uko eginez. Honela jokatuz, izan daiteke erosoago bizi daitezen, baina inondik inora, gauza eder eta interesgarri ugari ere galduko dituzte. Ildo honetatik, askotan entzuten dira halakoak: “Film honek ez dauka akziorik” “Gehiegi hitz egiten dute” eta abar, pelikularen hamar minutu ikusi ez badute ere.

Nik uste dut, film on batek ekintza eta erritmoa behar duela, noski. Beti ere, zergatia baldin badu eta koherentzia mantenduz gero. Izan ere, ez dut uste pelikula aspergarri bat ona izan daitekeenik, eta onartu behar dugu pelikula aspergarriak egon badaudela, pelikula batzuk izugarri aspergarriak gertatu zaizkidala esatea ez zait lotsatzen.

Hala ere, filmei gu harrapatzeko aukera eman behar diegu, batez ere, aspaldi ospe ona lortu zutenei eta egun ere ikasbidetzat ditugun klasiko haiei.  Maisu lan deritzegun film haiek bideak ireki zituzten eta zine-lengoaiaren oinarriak garatu zituzten. Gaur egun, film berrietan erabiltzen diren ikus baliabide gehien-gehienak, ez dira atzo goizekoak, ez horixe, zineman kolorea agertu baino lehenagoak dira, ia guztiak. Are gehiago, zuri-beltzezko zine hori gaurko filmentzako eredu izan behar du beti, bestela beste edozer izango da, baina ez da zine izango.

Lehen aipatu dugu zinema eta musika duten desberdintasun batzuk, baina zerbaitetan ere antzekoak dira, hain zuzen ere, egungo gizartean lortutako arrakastan. Hala nola, pertsona askok ez du inoiz museo bat zapaldu, ezta asmorik ere. Aitzitik nork ez du musikarik entzun? edo nork ez du inoiz pelikularen bat ikusi? Azken honek bere alderdi ona badu, jakina. Izan ere; musika eta zinemaren arloetan merkatu zabal-zabala lortu da, eta hori, printzipioz, ekoizpenaren aldekoa izango da. Adibide bezala: Gaur egun kalitate kaskarreko film andana egiten da, baina tartean kalitatezkoren bat ere egingo da. Beraz, zenbat eta ekoizpen handiago izan, orduan eta kalitatezko film gehiago ikusteko aukera izango dugu. Hori da teoria behinik behin.

Baina bestalde, nik uste dut azken honek arrisku handia dakarrela berekin: berez artea izan behar den zerbait (zinea, musika…) negozio hutsa bihurtu baitaiteke. Ez zait hori ona iruditzen; izan ere, torlojuak bezalaxe egiten den pelikula, arte lana izan al  daiteke? Honexek, eztabaida sakona sor dezake: artea zer den, eta zer ez den, alegia. Ni hausnarketa honetan ez naiz murgilduko, baina nire ustez, artearen sorkuntzak buru-dohaina, goi-argia, bihotza, eta denbora behar duela. Ez dut gehiagorik esango.

Esanak esan, gaur egun ia guztiok zine kontsumitzaileak gara, baina horretaz gain, oro har, zine-kultura dugula esan daiteke? Mundu guztiak ezagutzen du Charles Chaplin. Hitchcock, eta Orson welles izenak ere entzunak ditugu. Gehienak ikusi du Chaplinen film baten zatitxoren bat; baina esaterako, zenbatek ikusi ote du Chaplinen pelikula oso bat?

Norbaitek esan zidan behin, Carles Chaplinen “City Lights” filma gomendatu nionean: “Ikusiko nuke, baina halako filmak ikusteko alferra naiz”. (Zine- kultura alde batera utzita) nik “Aizu! uste dut, benetan ez dakizula zer gauza ederra galduko duzun…” erantzun nion.

PATXI ORTIZ


      

Captura de pantalla de 2015-07-02 23:59:14

Anuncios